GARRAIOA
15630
page-template-default,page,page-id-15630,bridge-core-3.1.3,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-30.4.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-7.3,vc_responsive

GARRAIOA

MEATZE TRENBIDEA

Trenbide estuko burdinbide honi esker Mutiloa eta Zeraingo mea bertako eta Europako siderurgia enpresetara iristen zen, Ormaiztegitik pasatuz. Trenbidea amaitzen den lekuan, Ormaiztegiko Danborren eta Lointzin, bi meatze esparruek bakoitzak bere biltegiak eta Norteko trenbidearekin bat egiteko bere sistema propioak zituzten, Ormaiztegin Norteko trenbidearen geltokia dagoen lekutik gertu.

Ingeniaritza lan hori burutzeko, 4,5 km-ko bidean lurrak berdindu eta, gainera, hainbat obra handi egin behar izan ziren, adibidez lurrari eusteko hormak, lubakiak, drainatze lanak, zubia, bidezubia eta makinen etxea. Oraindik gaur egun ere osagai horietako batzuk ezagutzeko moduan daude, eta horietako asko 2007an zabaldu zen bide berde berriaren parte dira.

Trenbidean bi lurrun lokomotor ibiltzen ziren, Pepita eta Mutiloa izenekoak. Makinetxen gordetzen ziren, mantentze lanetarako. Mutiloa izenekoa 1900. urtekoa zen; Kerr Stuart enpresa britainiarrak eraiki eta Pasaiako portutik eraman zuten meatze esparrura. Azkenean Mieresera (Asturias) eraman eta bertan desegin zuten 1965ean. Pepita izenekoa, berriz, Hannoverren eraiki zuten, Maschinenbau Actien Gesellschaft fabrikan.

Ormaiztegin, Lointziko ibarrean, mea biltegiratu eta garraiatzeko hainbat egitura daude bata bestearen ondoan. Danborrera iristen den meatze trenbidea Madrid-Irun trenbidearen Ormaiztegiko geltoki inguruekin lotzeko, 122 m luze den plano inklinatua dago.

Inguru horretan Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak kiskaltzeko labea zuen, Norteko trenbidean kargatu aurretik mearen kalitatea hobetzeko balio zuena. Badakigu 1920an biltegi hauetan 480 kintal metriko burdin mea zegoela, % 46ko legea zuena, Hendaiara noiz garraiatuko zain. Mutiloako meak Araiako galdategia hornitzen zuen, baita Bokaleko Forges de l’Adour galdategia ere, eta Suitzako Bouveret-eraino iristen zen.

1898an erabili zen trenbidea lehen aldiz, eta Mutiloako eta Zeraingo meatzeetatik egunean 300 t mea garraiatzeko gaitasuna zuen.
Bide berdea egokitzeko lanak burutzerakoan, 1881ean Alemaniako Bochum-en egindako jatorrizko errailak azaldu ziren.