BIDE BERDEA
15613
page-template-default,page,page-id-15613,bridge-core-1.0.7,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-18.2.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,wpb-js-composer js-comp-ver-6.0.5,vc_responsive

BIDE BERDEA

ZATOZ OINEZ NAHIZ BIZIKLETAZ

Barnaolan, ibilbideak antzinako meatze trenbidearen bidetik jarraitzeko aukera ematen digu. Hementxe hasten da Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak XIX. mende bukaeran eraiki zuen eta egun bide berde den azpiegitura. Bide honetan aurrera jarrai dezakegu 4,5 kilometroan barrena, Ormaiztegiko Danborrera iritsi arte. Bidean zehar bisitaria baso, larre eta bista ederrak dituen paraje batean murgilduko da, eta oraindik ere agerian dauden jatorrizko obraren osagaiak ikusi ahal izango ditu.
Abiatu eta metro gutxira, lokomotorak gordetzeko erabiltzen zen makinen etxe zaharraren -Makinetxeren- aurretik pasatzen da. Aurrerago bidea lubaki, lur berdinketa eta harri lubeten bidez moldaturiko paisaia batetik doa. Potxuetan bidezubi baten hondakinekin egingo dugu topo, eta Liernira iritsiko gara ondoren, trenbideak zuen zubi bakarra dagoen lekura. Hortik trenbideak Ormaiztegiraino jarraitzen du eta Danborreko instalazioetan amaitzen da. Han ikusten da oraindik trenbide zaharra bitan banatzen zen gunea eta, ondoan, Lointzi errekarantz maldan behera, Compañía Minera de Mutiloa S.A. eta Cerain Iron Ore C. Ltd enpresek mea biltegiratu, eraldatu eta bidaltzeko zituzten meatze instalazioak.

Leku honetan, gure ibilbideak Lointzi bidearekin bat egin dezake, hau da, izen bereko errekaren eta Ormaiztegiko tren geltokiaren ondoko meatze instalazioetatik igarotzen den bidearekin. Badira beste ibilbide tematiko eta mendiko ibilbide batzuk meatze gunea zeharkatzen dutenak. Adibidez Done Jakue bideko Saiatz ibilbidea, Zegamarantz doana, eta Gaztaren ibilbidea, Aralartik datorrena eta Aizkorrirekin bat egiten duena.

4- BARNAOLA: BASERRIA, BILTEGI GUNEA ETA PLANO INKLINATUA

Ergoeneko paisaian ikurra da Barnaola baserria, XVI. mendean eraikia eta beharbada burdinola izandakoa. Inguruko meatze jardueraren gune nagusi bihurtu zen, bertara biltzen baitzen Zeraingo Aizpeako eta Mutiloako meatze esparruetako mea. Horregatik altxatu ziren leku honetan gaur egun landaredi oparoak erdi ezkutatuta dituen biltegiak.
Gaur egun atsegina eta lasaia den leku hau guztiz bestelakoa zen garai batean. Etenik gabeko lanak erabat eraldatu zuen, hainbeste non meatze konpainiak Barnaola baserria bulego eta ostatu bihurtu baitzuen, eta baita mea ikuztegi ere. Inguruetan kantina eta eskola ere eraiki ziren, eta horrek hemen zer nolako jende pila bildu zen erakusten digu.

11- MAKINETXE

Lurrun makinak

Compañía Minera de Mutiloa S.A. etxeak hiru lurrun makina izan zituen, 45, 35 eta 25 CV-koak. Horietako bi Mutiloa eta Pepita deitzen ziren. Mutiloa izenekoa 1900ekoa zen, Kerr Suart konpainia britainiarrak egin zuen eta Pasaiako portutik ekarri zuten Mutiloako meategietaraino. Asturiasko Mieresen eman zituen azken egunak, eta 1965ean txikitu zuten bertan. Pepita, berriz, Hannoverren egin zen, Alemanian, Maschinen Ban Actien Geselchaff fabrikan. Biak ala biak Makinetxe esaten zaion eraikin honetan gorde eta konpontzen ziren.

12- POTXUETAKO ZUBIA

Compañía Minera de Mutiloa S.A.ren trenbideak lur-sailak zatitu eta lehenagoko bideak aldatu zituen. Hainbat lubaki eta ingeniaritza lan egin behar izan ziren. Potxuetan, aztarna hauek trenbide gaineko bideari dagozkio. Bide berdea egokitzeko lanak egiten ari zirela, trenbidearen jatorriko errailak agertu ziren, Alemaniako Bochumen 1881ean eginak.

13- LIERNIKO ZUBIA

Meaz kargaturiko bagonetek zubi bakar hau igaro behar zuten Ormaiztegira bidean. Hainbeste erabiltzearen ondorioz, mantentze lanak etengabeak ziren. Azken garaian bertan behera utzi eta gero, antzinako trenbidea bide berde bilakatu izanak XX. mende hasierako ingeniaritzako azpiegitura hau berreskuratzeko aukera ekarri du.

14- TRENBIDEKO DRENAJEAK

Lurraren ezaugarriek eta klimak bidean zehar hainbat lubaki, horma eta drenaje eginarazi zituzten, trenbidea marraztu eta babesteko. Zazpi drenaje identifikatu dira, tipologia desberdinetakoak. Horietako batzuek eginkizun bera betetzen dute berriro ere, bide berri honetan integratuta.

15- DANBORRE: MEATZE BIDALKETA-GUNEA

Leku honetan Aizpeeko meategietako mea eta Mutiloakoa bereizi egiten ziren. Konpainia bakoitzak aldapan behera zituen instalazioetara bideratzen zituen bere burdin tonak. Eta handik Norteko trenbideari lotzen zitzaizkion, Hendaia eta Pasaiara bidean. Meategi bakoitzean ateratzen zen minerala oso desberdina zen. The Cerain Iron Ore Company Limited etxeak Aizpeeko labeetan kaltzinatzen ziren burdin karbonatuak ateratzen zituen. Companía Minera de Mutiloa S.A.k, berriz, Monastegizarren garbitzen zen txirteretako mea eta Ormaiztegin kiskaltzen ziren burdin karbonatuak ustiatzen zituen.