TROI BIDEA
15611
page-template-default,page,page-id-15611,bridge-core-1.0.7,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-18.2.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,wpb-js-composer js-comp-ver-6.0.5,vc_responsive

TROI BIDEA

ZATOZ OINEZ NAHIZ BIZIKLETAZ

Troi bidea proposatzen dugu Mutiloako meatze esparruan barneratu eta berorren meatzaritza iragana ezagutzeko. Bidean barrena, natur ingurune oparoaren erdian eta paisaian txertatuta, meatze lanaren lekuko bikainak agertuko zaizkigu: dikeak, ikuztegiak, arrasta bideak, antzinako bideak, eskolak, kantinak, plano inklinatuak, meategiak eta galeriak.
Mutiloako herrigunean ekingo diogu ibilbideari, eta Lenkaran errotaraino bidearen lehen zatia errepidez egin ondoren, Troi errekaren ondotik jarraituko dugu Barnaolara iritsi arte. Izen bereko baserriaren alboan, Mutiloako meatze esparruko bi dekantazio baltsaren dikeen egiturak eta biltegiratze eta garraio egiturak daude. Nabarmentzekoa, horien artean, meatze esparrua Ormaiztegirekin lotzen zuen meatze trenbidea, gaur egun bide berde bihurtuta dagoena. Barnaolatik gora, kantinarantz igoko gara ihi sail eder baten eta hainbat hezeguneren ertzetik igaroz.
Beste dike baten eta Apaolaza baserriaren hondakinen ondotik pasatu ondoren, Mañastegizahar baserrira iritsiko gara. Mea garbitzeko instalazioak daude han: mearen isurbidea, ur depositua, azpila, ikuztegia eta tailerra. Hortik aurrera eta meatze arrasta bide bati jarraituz, Troi meategi zaharraren aurreko zabalgunera iritsiko gara.

Gezurmuño eta Peatza aldera ematen duen aspaldiko erauzte gunea da, eta hor daude, natur ingurune ikusgarri batek inguratuta, hainbat galeria, txirtera, bide, putzu, etab.

1. Mutiloa herrigunea

Mutiloako herrigunea da udalerriko populazio gune nagusia. Aipagarria da San Migel parroki eliza handia eta zaintzaileari eskainitako portada interesgarria. Barruan nabarmendu beharrekoa da erretaula nagusia. Udaletxea ere aipatu beharra dago, eta baita herriko plaza ere, arkitektura tradizionaleko etxez inguratua.

2- Lenkaran errota

Troi erreka Troi meategiaren muinean sortzen da, 500 m-ko garaieran. Oria ibaiaren arroko buruan, ongi kontserbatutako erribera landarez jantzitako haran itxi bat sortzen du, eta bertan aurki daitezke haltzak, hurritzak eta lizarrak, baita horiei elkartutako fauna interesgarria ere. Mutiloako herrigunean Zerain erreka batzen zaio Mutiloa Erreka bihurtzeko eta Segurara iristen denean Oria ibaian isurtzen ditu bere urak.Historikoki, bere emaria eta indarra giza jardueretarako erabili dira, hainbat etapatan. Bost errota, hiru Troin eta bana Orun eta Lenkaranen, mea garbitzeko hiru gune, Manastegizahar, Troi eta Barnaola; eta Lenkarango zentralean eta Barnaola ondoko dikean instalatutako turbinak, horren adibide dira.

3- BARNAOLA: DIKEAK ETA DEKANTAZIO BALTSAK

Mañastegizaharretik Barnaolara bitarteko mendi magala oso eraldatuta dago. Mea garbitu eta gero geratzen ziren urak Troi errekara irits ez zitezen, XX. mendearen hasieran paisaiaren topografía eta profil originala itxuraldatu zituen dekantazio baltsen sistema konplexua eraiki behar izan zuten.
Troi errekaren ibarreko magaletan ibar hori ixten zuten hamahiru baltsa egiteko proiektua ere egon zen. Instalazio horiek ibai arroko biztanleen etengabeko kexen ondorioz eraiki zituzten, mea garbitzeak sorturiko kutsadura aurrena Troi errekara eta geroago Oria ibaiko uretara iristen baitzen.

Paraje hauetan baltsa horietako bost aurkitu dira, kontserbazio egoera desberdinean. Ibarrean behera joanda dauden azken biak sendotu egin dira, eta XIX. mende amaierako ingeniaritzaren adibide ditugu. Azkeneko dikea, 9 m-ko altuera duena, Troi errekaren ibarreko punturik baxuenean altxatu zuten, baina ez zen betetzera iritsi. Dike horren erdian, lohiak dekantatu ondoren urari ateratzen uzteko balio zuen hustubidea ikus daiteke, uraren ibilia erregulatzen zuen burdina eta zurezko egitura batez itxita. Horrela, bada, terraza erako gainazal bat sortuko zen, denborarekin belardi bihurtzen joango zena.

Barnaolako dikeetako batean, haren 7 m-ko altuera baliatuz, turbina bat ipini zen horrekin Ergoena auzoan erabiltzen zen argindarra sortzeko. Troi errekaren indarrak, 1988an, Barnaolan altxatu ziren dikeetako baten eskuineko aldea eraman zuen.

4- BARNAOLA: BASERRIA, BILTEGI GUNEA ETA PLANO INKLINATUA

Ergoeneko paisaian ikurra da Barnaola baserria, XVI. mendean eraikia eta beharbada burdinola izandakoa. Inguruko meatze jardueraren gune nagusi bihurtu zen, bertara biltzen baitzen Zeraingo Aizpeako eta Mutiloako meatze esparruetako mea. Horregatik altxatu ziren leku honetan gaur egun landaredi oparoak erdi ezkutatuta dituen biltegiak.
Gaur egun atsegina eta lasaia den leku hau guztiz bestelakoa zen garai batean. Etenik gabeko lanak erabat eraldatu zuen, hainbeste non meatze konpainiak Barnaola baserria bulego eta ostatu bihurtu baitzuen, eta baita mea ikuztegi ere. Inguruetan kantina eta eskola ere eraiki ziren, eta horrek hemen zer nolako jende pila bildu zen erakusten digu.

5- KANTINA

Eraikin hau zen Mutiloako meatzeetako langileek eta Ergoeneko bizilagunek elkarrekin egoteko gehien erabiltzen zuten lekuetako bat. Hemendik gertu dago mende hasieran auzoko neska-mutikoentzat eraiki zen eskola.

6- KAOLIN BILTEGIAK

Mutiloan kaolin ustiategiak ere egon ziren eta horien ondoan hainbat egitura eraiki ziren kaolin hori atera, biltegiratu eta bidaltzeko. Egitura hauek XX. mendearen hasieran martxan jarri ziren ustiategi horietako baten deposituei dagozkie.

7- MAÑASTEGIZAHAR: BASERRIA ETA MEA IKUZTEKO LANTEGIA

Mañastegizahar baserriaren ondoan mea prestatu eta garbitzeko lantegi bat eraiki zen, eta horrek mendearen lehen herenean han burutu ziren meatze lanen ideia bat egiten laguntzen du. Batetik mearen isurbide erraldoia eta bere biltegia zeuden, eta honaino iristen zen txirtera eta galerietako mea.
Ondoan mea garbitzeko instalazioa zegoen, eta oraindik ere han dago depositutik zetorren ura biltzeko eta mearekin nahasteko erabiltzen zen mearen azpil edo depositua. Nahasketa hori, hurrena, lurra kentzeko tromeletara pasatzen zen, mea garbitzeko. Azpilaren eta garbiketa gunearen arteko hormak ere han daude gaur egun oraindik, eta, horma horietan, mea garbitzeko makinak kokatuta zeuden finkaleku eta hutsuneak.

Egitura horien ondoan forja dago, eta etxola osagarri baten zimenduak. Inguruetan, Mañastegizahar baserri historikoaren aldamenean, han ikusten diren hondakindegi handiek, egun landarediak hartuta egon arren, ederki adierazten dute zenbaterainokoak izan ziren han burutu ziren lanak. Mañastegizahar baserriak berak ere burdin mea zatiak ditu bere paretetan, XVI. mendean eraiki zenean haren horma sendoak altxatzeko material gisa erabili zirenak.

8-TROI: GALERIAK ETA ARRASTA BIDEAK

Txirtera eta harrobietatik ateratzen zen meaz gainera, galerien zulaketa bidezko meatze ustiaketa ere bazegoen. Troin, adibidez, ganbera eta zutabeen sistema erabiltzen zen eta gaur egun ere, oraindik, ikusten dira leherketek utzitako arrastoak. Leku hauetatik ateratako mea arrasta bideak erabiliz eramaten zen mea ikuztegietara.

9-GEZURMUÑO ETA PEATZA: MEA ERAUZTEKO GUNEA

40.000 m2-ko Gezurmuño meategiak Virgen de los Dolores, Ollargain meategiekineta Gezurmuño Demasiarekin egiten zuen muga. Orain gauden meategi honetan, ustiapen intentsiboa egon zen XIX. mendeko azken herenean eta 1.923. urtera arte lanean egon zen. Burdin mineral ohikoena lokatzarekin nahastutako txirta zen. Txirta hau, hegalean behera, Mañastegizahar baserriaren parean eraiki zen tailerrean garbitzen zen.

10- TROI ERROTAK

Ergoeneko magaletan diren errota hauek interes handiko instalazio hidraulikoa dira. Troiko errota, bi harrikoa, inguruetako zerealak ehotzeko erabiltzen zen eta XX. mendearen hasieran handitu zuten. Errotaren azpiko aldean beste bi egitura ikus daitezke, lehengo errotako uren irteerarekin lotuta daudenak. Badirudi instalazio hauek mea garbitzeko erabili zirela.